Ikastaldi integrala

1993an, Jesuiten presidente nagusia zen Peter-Hans Kolvenbachek Jesusen Konpainiako ikastetxeko hezitzaile gisa dugun helburua honela definitu zuen: “gizon eta emakume trebe, kontziente, konprometitu eta errukitsuen” prestakuntza. Prestakuntza hori sormenaren, malgutasunaren eta gure garaia definitzen duen sare-lanaren barruan sartu behar dela uste dugu. Giza hazkuntza eta hazkuntza espirituala elkar lotuta daudela sinesten dugu. Presidente nagusiaren definizioan sakonduz gero, pertsona kontziente, trebe, konprometitu eta errukitsu gisa honakoa ulertzen dugu:

I. Pertsona kontzientea – Kontzientzia osatzea beharrezkoa da, gaizkiaren eta ongiaren, bidezkoaren eta bidegabekoaren artean ezberdindu eta bereizteko gai izateko eta gizabanakoaren eta gizartearen ongizaterako. Kontzientziaren prestakuntza pertsonaren inguruaren menpe dago erabat. Jesuiten hezkuntzak pertsona askeak eta kontzienteak gaitu nahi ditu, kontzientzia pertsonala mundua aldatzeko erabiltzen dutenak.

II. Pertsona trebea – Pertsona trebea ezagutza eta gaitasuna sortu, ulertu eta erabiltzeko gai da, testuinguruan bizi eta aldatzeko. Gai da mundu aldakor eta desberdinaren parte izateko, gainerakoentzat eta gainerakoekin bizi-proiektua sortuz. Giza errealizazio eta errealizazio profesionalerako beharrezko gaitasun intelektual, akademiko, emozional eta sozialak garatzeko gai da. Pedagogia eta curriculum arloetako praktikak eta eskolako inguruak berritzeko konpromisoa hartu dugu, gure eskolak ikuspegi ignaziarretik hurbilago egotea ahalbidetzen duten garapen pedagogiko berrien arabera, baita gure misiorako baliagarri diren praktika egokienak konbinatzeko tradizio eklektikotik ere.

III. Pertsona errukitsua – Errukiak ez da pertsona edo gizatalde batekiko lastima sentitzea soil-soilik. Edozeinek senti dezake lastima eta ez ezer egin. Errukia ekintza positiboak egin aurretiko baldintza da; giza duintasuna aitortzen du, hots, jaio den pertsona ororen balioa. Elkartasunera garamatzan errukiak edozein erakundetako egiturak jorratzea eragin beharko liguke, eta, hartara, gu eta gure ikasleak aldaketarako eragileak izan gaitezke, Jainkoaren ametsa amesten jarraitzeko.

IV. Pertsona konprometitua – Pertsona konprometitua pertsona ausarta da. Espirituaren gidarekiko eta Jesusen konpainiarekiko irekierari esker, gure garaiko beharrizan larrienak bereizi ahal izango ditu, zerbitzatzeko gure moduak maitatzeko moduak bezain aberats eta sakonak izan daitezen. Barkamenerako eta lurraren sendapenerako konpromiso ekologikoa premiazko beharra da, gizarte justiziarekiko konpromisoarekin batera; izan ere, planetako pertsona guztiei eragiten diete.

Ikastetxe jesuitok argi daukagu hezkuntza-aldaketarako mende honetako erronka handienek ikuspuntu sistemikoa eskatzen dutela; halaber, gure eskola-inguruko esparru guztietan jardutea dagokigu: metodologia, gure ikastetxe eta gelen antolakuntza eta curriculum akademikoa.

×